Kulturari buruzko atal honetan aipamen berezia egin behar zaio euskarari bertako berezko hizkuntza izanik. Arraitz-Orkin herrian euskararen erabilerak galera handia pairatu zuen Gerra Zibiletik (1936-1939) aitzina. Berriz, ondoko herrietan Alkotz, Eltzaburu eta Auzan, soziologikoki arras antzekoak izanik, ez zen eman joera hau. Beraz, pentsatu behar da kanpoko arrazoiak izan zirela euskararen iraupenean kontrako eragina izan zutenak euskara herriko mintzaira bizia izan zedin.
Galera prozesu honetan, seguraski, bere garaian herri hauetara igorriak izan ziren zenbait apaiz, maisu eta goi-mailako pertsonek zerikusteko handia izan zuten. Anitzetan ez zekiten hizkuntza edo euskararen aurkako jarrera hartu zuten beren ideologia zela eta. Edozein moduz ere, gaur egun euskararen eta bertako ohituren aldarrikatze eta berreskuratze prozesu aipagarria ematen ari da, biziraupen kultural eta identitate elementu gisa.
Bertzaldetik, urteak aitzina joan ahala, herriko bizilagunak garai berriek ekartzen dituzten aldaketei egokitu zaizkie, beren identitate kultural eta linguistikoari eutsiz tradizio elementu gisa eta berrikuntza ekonomiko eta teknologikoak eskuratuz etorkizuneko elementu gisa.