ARRAITZKO BENTAK
Bentak Mandabidea (bere izenak adierazten duen bezala mandoen bidea edo mandazainek beren mandoekin erabiltzen zuten bidea) deituriko lekuan sortuak izan ziren, bidaiariei eta beren animaliei ostatu emateko, eta janariz hornitzeko helburuarekin. Mandazain hauek aintzinean, garai hartako bide zailetan barna beren orgekin ibiltzen ziren merkantziak garraiatzen edo bidaiariak eramaten…
Benta hauetako beheko planta, gurdiak edo orgak uzteko eta animaliak deskantsatzeko ikulu gisa erabiltzen zen. Hortaz planta horiek atari handi bat zuten aitzinean, eta neurri bereko bertze bat gibel aldean gurdiak sartu eta atera ahal izateko.
Egun errepidearen (N-121.A) bi aldeetara etxeak lerroturik ikus ditzakegu: haien artean hotel bat, jatetxe bat. Etxe hauek aintzinean aipaturiko benta edo ostatu gisa ibiltzen ziren.
Errepidearen bazterrean lehengo ur-iturria mantentzen da.
ORKIN
N-121.A errepidetik aldendua, abere-hazkuntzari nagusiki loturiko auzo eder eta lasaia da Orkin.
Zenbait etxezahar ditu, horietako batzuk “Principe de Viana” instituzioak katalogaturik. Beren jabeen ardurari esker oso ongi kontserbaturik daude.
Lehengo iturri zaharra mantentzen du. Egun animaliendako aska gisa ere erabilia.
Hemen bertan badago urte anitzetako haritz ikusgarri bat auzonetik mila metrora.